XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Albiste hauen jatorriari buruzko azterketari esker ikusi ahal izan dugu zein zaila izan zen Gipuzkoako prentsak gerraren eraginez bizi izan zuen egoera.

Albiste eza edo albiste horietako batzuetan izan zen atzerapen handia ulertu ahal izateko, gogoan eduki bitza irakurleak garai hartan gorabehera atmosferikoek eta komunikazio-ezinak zekartzaten arazo handiak.

Izan ere, Gipuzkoako lurraldearen barnean komunikazioa bideratzeko erraztasunen eta zailtasunen baitan egon ziren berri haien zabalkundea, Aldizkariaren banaketa eta, bidenabar, agerkari hark jendearengan izango zuen eragina.

Ezin ahantzi dugu, gainera, Aldizkaria sortu ondoko lehen urteetan Gipuzkoak bizi izan zuen gerra-egoera eta aurrez aurre ihardun zuten bi alderdiek lurralde haren gainean bideratu zuten kontrola, berebiziko eragina izan baitzuen honek Aldizkarian.

Gerra garaiko albisteak sailkatu eta mapa batean islatzen saiatuko bagina, mapa hori oro har lurraldearen kontrol-mapekin eta gerra luzatu zen urteetan kontrol hark izan zituen etapekin bat datorrela konturatuko ginateke.

1834an probintziako hainbat lekutatik iristen ziren berriak: barnealdeko, hiriburuaren inguruko eta probintziaren ekialdeko Errege Bidearen ondoko herrietako albiste franko azaltzen zen.

1835ean, ordea, nabarmenkiro murriztu ziren albiste-herriak.

Eibar, Beasain, Ordizia edo Tolosa bezalako herriak desagertu ziren Aldizkaritik, karlisten eskuetara igaro orduko.

Ordutik aurrera, hiriburuko eta inguruko herrietako berriak baizik ez zituen eskaini Aldizkariak.

1835. urtearen bukaeran, hiria setiaturik zegoen garaian, Donostiakoak beste albisterik ez zen ia azaltzen.